Trapiloa ehungintzan sortzen diren hondarrekin ala jantziak birziklatuz sortzen den materiala da. Etxean arropa zaharrak birziklatuz ere sortu daiteke. (Hau egiten ikasi nahi baduzu, iruzkinen atalean adierazi iezaidazu)

Trapiloa kakorratzez landu ohi da, baina bere tamaina dela eta, tamaina handiko kakorratzak erabiliz egiten da: 8mm, 10mm, 12mm, 15mm, 20mm… Tuneziar kakorratzez edota bi orratzez ere landu daiteke.

Trapilo mota ezberdinak daude:

– Materialaren arabera: Klasikoa kotoizkoa da, kamiseta arrunta hartuko bazenu bezala eta harietan moztu. Likrazkoa ere badago, lurexduna, luma trapiloa kotoi eta akrilikoa nahasi ohi dituena…

Loditasunaren arabera: Kakorratzen tamainen moduan, finenak gutxigorabehera 8mmko kakorratzak erabiltzeko aproposak dira, eta hemendik abiatuz, goruntz 20mm ala eskuekin lantzeko lodierara iritsi daiteke.

Kolorearen arabera: Ehungintzan topatzen dugun moduan, kolore bakarreko ala anitzekoak daude, xinpleak ala marrazkidunak….

Trapiloa erabiliz milaka gauza sortu daitekeen arren, nik bereziki saskiak, poltsak eta alfonbrak ditut gustoko. Saskiak, hain dira erabilgarriak gauza guztiak antolatzeko… sukaldeko espeziak, kableak, kuleroak eta galtzerdiak, jostailuak, artile eta kakorratzak… hamaika erabilera dituzte.

Saski haundiak sortzeko kotoi ala likrazko trapiloa gomendatzen dizut, 15mm baino gehiagoko lodiera duten kakorratzekin bat datorrena. Haurdunaldian nire txikitxoarentzat trapilozko sehaska bat egin nuen bi koloretan, oinarrian kartoi-luma eta “gomaespuma” jarri nuen biguna egon zedin eta oso polita eta erabilgarria izan zen. Orain, txikia haunditu dela, jostailuak gordetzeko saski bezela erabiltzen dugu, oinarria kendu ondoren. Saski txikiak, lorontziak ala arkatzak gordetzeko poteak egin nahi izanez gero, apur bat finagoa den trapiloa ere oso aproposa izango da.

Sakatu ezazu hemen saski hauek egiten ikasteko.

Poltsak, esku-poltsa edo “clutch”-ak egiteko oso errazak dira eta emaitza ederra dute. Proiektu hauek aurrera eramateko, luma trapiloa erabiltzea gomendatzen dizut, aukera arinena baita eta gehiegizko pisua ekiditen lagunduko dizulako. Hurrengo tutorial honetan, hari finekin karteratxo batzuk egiten irakasten dizut, eta berdinak egin ditzakezu trapiloz tamaina handiagorekin, esku-poltsa bezala oso politak geratuko zaizkizu, eta poltsa ere bihurtu ditzakezu euskarria gehituz.

Eta amaitzeko, alfonbrak. Hauek proiektu luzeagoagoak dira, material kantitate handiagoarekin eta nahasketa amaigabeak eskeintzen dizkigu aukeran. Proiektu honetarako kotoi trapilo klasiko potoloa oso aproposa izango da, ale potolo eta trinkoa lortuko duzu. Argazki hauetan txikiarentzako lehengo lur sesioentzako egin nuen, puntuak oso xinpleak dira, berezia egiten duena koloreak dira. Oso gustoko dugu! Baina emaitza landuagoa nahi izanez gero, bila ezazu, adibidez, mandala ala granny politt baten eredua eta egokitu ezazu, alfonbra liluragarria lortuko duzu zure txoko gogokoenak apaintzeko!

Mila esker hor egotegatik, hitz hauek interesgarriak iruditu izana espero det.
Trapiloa lantzeko tutorial gehiago nahi izanez gero, adierazi iezadazu posta elektroniko bidez edo iruzkinen atalean, zure ekarpenak oso baliotsuak dira niretzat.

Gogora ezazu “etxeko eroa” (La loca de la casa), irudimena, jolasean jartzea!

Egun zoragarria izan dezazula opa dizut eta animo asko kuarentena garai honetan!

Oihana
Lalocadelacasa